Araba Encounterrek genero-eten digitalaren inguruan hausnartzen du

Araba Encounterren izena eman duten emakumeen kopurua bi puntu igotzea oso berri ona dela argi dago. Hala ere, gizonen eta emakumeen parte-hartzea oso desorekatua dago oraindik: 400 ordenadore-postutik bakarrik %16 daude emakumezkoen eskuetan, eta potzentaia hori okerragoa da gainontzeko euskal bilkura informatikoetan. Egunotan partyan elkartu diren adituek datu hori arazo larriago baten islada dela diote. Izan ere, emakumeen presentzia ikasketa eta enpresa teknologikoetan oso txikia da.

ae03_8oct_foto4

Araban Enpresa Digitalaren koordinatzaile den Aitor San Sebastiánek Araba Encounterren gertatzen dena gizarte osoak duen arazoaren islada dela dio. Momentu honetan paradoja baten menpe gaude: nahiz eta lanpostuen %95ek teknologia erabili, bokazio teknologikoa murrizten doa eta informatika edo matematika gaiak dituzten ikasketen matrikulazioa %40 jaitsi da azken urteotan. Hori dela eta, San Sebastiánen ustean, konponbideetako bat izango litzateke teknologia formakuntza adin txikietatik sustatzea. Emakumeen kasu konkretuan, koordinatzailearen iritziz neska gazteak eremu teknologikotik aldentzen dituen modeloen eta estereotipoen kontra egin beharko genuke lan.

Egia da genero etena ez dela handia informazio-teknologien erabilerari dagokionez. Eustaten datuen arabera, gizonezkoen eta emakumezkoen portzentaiak interneten erabilera aldetik ez dira oso ezberdinak (%77 eta %71 hurrenez hurren). Hala ere, eten hori oso nabarmena da hezkuntzan edo enpleguan arreta jartzen dugunean. Nahiz eta ikasleen %54,3 emakumeak izan, %26,4k bakarrik aukeratzen dute ingeniaritza edo arkitektura bezalako ikasketa teknikoak. Eta lan-munduan emaitzak txarrak dira eta okerrera doaz; Estatuan, bakarrik lanpostu teknologikoen %18 daude emakumeen esku, 80. eta 90. hamarkadetan zifra hori %30 baino handiagoa zenean.

Partyan bertan eztabaida irekia dago. Ia hamar urtez ekitaldi hauetan parte-hartzaile izan den Maitane Junguituk San Sebastiánekin bat egiten du eta arazoa askoz zabalagoa dela eta gizarte osoari eragiten diola azpimarratzen du. Bere ustez, hezkuntzak du garrantzia gehien: “txikitatik erakutsi digute emakumeoi aktibo ez izaten, korrika ez egiten edo teknologian interesik ez izaten”. “Gizonentzako eta emakumeentzako lanbideak daudela ere erakutsi digute”, gaineratu du. Hori dela eta, emakumeak teknologia sortzaile izan daitezen, eta ez bakarrik kontsumitzaile, bultzatu beharko genuke, Junguituren ustez, baina emakumezkoei zuzenduriko tailerrekin kontu handia edukiz. Izan ere, neskentzako tailerrak genero estereotipoei indar eman diezaiekete, bere iritziz.

Beste parte-hartzaileetako batek, Leire Iturbek, Maitanerekin bat egin du teknologia mundua oso maskulinoa dela aitortzean. “Ez dago ondo ikusia emakume izatea lanbide horietan eta emakumea gutxietsia izaten da askotan”, azaldu du Iturbek. Hala ere, teknologia ikasketak dituen parte-hartzaileak ez du beharrezkoa ikusten emakumeak teknologiara erakartzea, libre ikusten baititu euren interes pertsonalen arabera erabaki hori hartzeko.

Genero etenari aurre egiteko proposamenak

Araba Encounterreko antolakuntzatik, nahiz instituzioetatik, txikitatik konpondu beharreko arazoa dela pentsatzen dute. Horregatik, SPRI Taldeak, Enpresa Digitalaren bitartez, 8 urtetik gorako neskei zuzenduriko tailerrak eskaini ditu aurten Girls&Tech, edo neskak eta teknologia, titulupean. Formakuntzak neska gazteak teknologian duten interes eza piztea du helburu, sormenezko aspektu estetikoak azpimarratuz. Adibide moduan, zapatila edo arroparen eraldatzearekin eta LED argiekin erlazionaturiko edukiak ikusi dituzte tailerrean.

Camp teknologikoaren koordinatzaile Jon Ander Besgak tailer horiek neskak teknologiara gerturatzeko pentsatuak daudela dio. Bere ustean, faktore eragileen artean, neskek euren etxeetan gurasoetatik jasotzen duten hezkuntza kontuan hartu beharko litzateke. Izan ere, gurasoek askotan neskentzat bakarrik zuzenduta dauden ikastarotan izen ematen dituzte umeak. Besgak nabarmendu du ez dagoela inongo ezberdintasunik sexuen gaitasunen artean ikasteko ahalmenari dagokionez, eta oztopoak gizartearen estereotipo eta aurreritzietatik datozela.

Zentzu berean, Deustuko Unibertsitateak eta Elhuyar Fundazioak babesten duen, eta Innobasquen eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren laguntza jasotzen duen INSPIRA proiektuak neska gazteek zientzian eta teknologian duten interesa piztearen alde egiten du lan 
 Euskadiko 11 hezkuntza zentroetan.

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.