Miniaturazko sukaldaritzaren erakusleiho nagusi bilakatu da BECa

Feria-Pintxo2013_jugadores

Bilbao Exhibition Center gunea miniaturazko sukaldaritzaren erakusleiho nagusia izango da igandera arte, Bilboko III. Pintxo Azoka dela eta. Aurten ere, hogeita lau sukaldari ezagun bildu ditu iaz 20.000 bisita jaso eta 77.000 edari eta jaki banatu zituen topaketa honek. Guztira, 70 pintxo mota baino gehiago dastatzeko aukera izango dute bertaratuek, eta hiru proposamen onenek saria jasoko dute igandean. Egitasmoaren helburua da euskal gastronomia hedatzea eta Bizkaiko sektoreari bultzada ematea.

Mahou San Miguelek antolatutako azokaren lehen jardunaldiko protagonista nagusiak izan dira Athletic Clubeko Borja Ekiza eta Beñat Etxebarria futbolariak. Mina jatetxeko arduradun Álvaro Garridoren laguntzaz, plater erakargarria prestatu dute: olio birjinez egindako krema txitxarro keztatuekin eta erromero ukituarekin. Jokalari zuri-gorriek sukaldari trebeak direla erakutsi dute, eta haiek prestatutakoa probatzeko aukera izan dute bertaratuek.

Pintxo onenentzako sariak

Azokako sarrera doan da eta hurbiltzen diren guztiek miniaturazko sukaldaritzaz gozatzeko aukera zabala edukiko dute, Bizkaiko 24 ostalariren eskutik. Pintxoak 2 eurotan eta kañak euro batean daude salgai.

Pintxoak dastatzera gerturatzen diren pertsona guztiek, mokaduak baloratzeko eta bozkatzeko aukera izango dute. Jakien aurkezpena, kalitatea, prestakuntza eta kantitatea kontuan hartuz, euren iritzia eman ahal izango dute www.estamosdetapas.com webgunean, euren gailu mugikorrekin. Aplikazio horrek establezimenduak mapa batean kokatzen ditu eta beste erabiltzaile batzuek egindako tapa-zerrendak komentatzeko eta baloratzeko aukera ematen du. Gainera, hori guztia sare sozialetan elkarbanatu daiteke.

Azokari amaiera emateko, gainera, lehiaketa izango da igandean 20:00etatik aurrera. Ostalari bakoitzak hiru proposamen gastronomiko aurkeztu beharko ditu eta azken erabakia ‘Mahou San Migueleko zazpi sukaldari handiek’, Espainiako leku ezberdinetako zazpi aditu ospetsuk, hartuko dute. Epaimahai horren kide izango dira: David Muñoz (Diverxo), Albert Ventura (Coure), Miguel Ángel de la Cruz (La Botica), Diego del Río (El Lago), Álvaro Garrido (Mina), Rafael Morales (Rafa Morales jatetxea) eta Beatriz Sotelo (A Estación).

Establezimendu irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu; bigarrenak, 1.500 euro eta hirugarrenak, 500 euro. Lehen sailkatuak, halaber, Madrid Fusión Tapa Lehiaketan parte hartzeko aukera izango du.

Doako autobus zerbitzua

Horrez gain, publikoa gertura dadin errazteko, antolatzaileek doako autobus zerbitzua eskainiko dute. Autobusak Enparantza Borobiletik BECera abiatuko dira eta, ondoren, enparantza berera bueltatuko dira.

Deja un comentario

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.