Kixkurgunek baserritarren eta ostalaritza- sektorearen arteko lotura bultzatu nahi du

Etxabe-Lizarralde-Oroz-Zubizarreta-Beitia

Zaldibian ireki berri duten Kixkurgune-Aralarko Benta espazioarekin, berrikuntzaren aldeko apustua indartu dute baserritarrek. Izan ere, proiektu honekin ostalaritza-sektoreari balio erantsiko eskaintza bereizia eman nahi diote. Inaugurazio ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Landa Garapen sailburuorde Bittor Orozek adierazi du Euskadiko gastronomiak duen maila eta ospe altua euskal produktuen erakusleiho moduan aprobetxa daitekeela.

120 metro koadroko azalerarekin, euskal baserriko produktuen Gipuzkoako erakusleiho handiena da Kixkurgune. Infotresek komunikazio lanak kudeatu ditu. Nekazaritza-produktuak saltzeaz gain, taberna eta jantokia ditu, baita bi terraza, tailerrak egiteko aretoak eta opari denda ere. Egitasmo honen bitartez, Goimen, Lur-Lan eta Txerrizaleok elkarteek tokiko produktuen balioa areagotu nahi dute eta horiek merkaturatzeko bide berriak bilatu. Horrela, baserritarren lana nabarmendu eta horiek gizartearekin duten lotura sendotu nahi dute. Goimeneko gerente Jose Manuel Zubizarretaren hitzetan, bisitariak “produktuak probatu eta horien jatorria eta propietateak ezagutu ahal izango ditu, baita tokiko elikagaiak prestatzeko aholkuak jaso ere”.

Kixkurgunek eskaintzen dituen produktuek ekoizlearen zigilua daramate eta bitartekaririk gabe eskaintzen dira, prezio justuan. Laurogei baserritarren 1.200 produktu komertzializatzen dituen Lur-Lan Baserritar Elkarteko gerente Joseba Beitiak azpimarratu duenez, espazio honek salmenta modu berriak aurkitzeko beharrari erantzuten dio. Euskal sektorean aurrendariak izan diren hainbat egitasmo ere gogorarazi ditu: Donostian eta Tolosan irekitako bistrot-dendak edota online bidezko salmentara zuzenduta dauden Dastatu eta Saskika webguneak.

Kixkurgunera bertaratuek elikagai eta edari anitz dastatzeko aukera izango dute egun osoan zehar eta, arratsaldean, Basque Country Party festa izango da, 19etatik aurrera. Petti eta Joxean Goikoietxea musikariek kontzertuak eskainiko dituzte eta bertsotan arituko dira Amets Arzallus, Iker Zubeldia eta Goierriko Bertso Eskolako kideak.

Bittor Oroz sailburuordeak ekimen hau gauzatzen ari diren elkarteen lankidetza txalotu eta proiektuaren izaera berritzailea nabarmendu du, sektoreak bizi duen egoera zailari aurre egiteko “ezinbesteko” estrategia baita.

Ildo beretik, Koldo Lizarralde Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Landa Garapen zuzendariak Kixkurguneko bultzatzaileak zoriondu ditu ostalaritzarekin elkarlanean aritzeagatik, indar handia baitauka sektore horrek. Halaber, onartu du instituzioek erronka jakin bat daukatela aurrez aurre: lehenengo sektoreari erraztasun gehiago ematea elikagaien eraldaketa prozesuak gauzatu ahal izateko. Horrez gain, produktuen “atzean dagoena ezagutzea” garrantzitsua dela aipatu du, pertsona askoren esfortzua, lana eta kalitatezko emaitza aintzat hartzeko.

Bestalde, Goimeneko gerente José Manuel Zubizarretak aditzera eman du euskal nekazari eta abeltzainak “gure bizimodu, kultura, nortasun eta tradizioa zaintzen” laguntzen dutela. Bere esanetan, baserritarrek garai berrietara egokitzen ere jakin behar dute. Horrez gain, komentatu du Kixkurgune Goierriko eta Euskal Herri osoko produktuen “helbide-txartel” bilakatu dela. Zaldibiako alkate Joxean Etxabek ere poztasun handiz hartu du espazio berri honen irekiera